2019-12-29

Maitasuna, Hatortxutik azken ziega zulora. Mila esker!

“Maitasunaren apologia” egingo genuela esan genuen. Eta nola egin gainera. 246 ohe huts maitasunez bete genituen eta ziega zulo ororaino zein deserriko azken txokoraino iritsi zen atzo Atarrabian bizi izan genuena.

Mila esker berriz ere holako elkartasun jaialdi bat posible egiteagatik, mila esker astebururo astebururo errepideetan bizitza jokatzen duten senide eta lagun horiei herri bat haiekin dutela inoiz baino gehiago gogoratzeagatik, mila esker etxerako bide trabatu horretan harri kozkor bat gehiago kentzeagatik, mila esker Hatortxu Rocken bitartez dispertsioaren aurkako borrokan gero eta gehiago garela azpimarratzeagatik, mila esker denok bat izateagatik. Arratsaldeko lehen ordutik karpa jendez lepo zegoen eta hola jarraitu zuen ateak itxi genituen arte.

Eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren 800 boluntarioei. Jaialdi honen ardatz diren adin guztietako pertsona horiei. Zuek gabe ez legoke halako elkartasun jaialdi bat antolatzerik. Mila esker urte guztian zehar lanean aritzen zareten boluntario horiei, mila esker azken aste hauetan muntaian ibili zareten horiei, mila esker larunbatean segurtasunan, barran, gune seguruaren brigadetan, bideogintzan, tiketeran, lehiatilan, sukaldean, antipanikoan, arropa saltzen edo filtroan lanean ibili zareten guzti horiei eta txanda guzti hauek kudeatzen ibili zaretenoi.

Jaialdi honen altxor nagusia jendea da. Zuek zarete. Eta aipamen berezia egin nahi dugu igande goizeko lehen orduan gunea garbitzera gerturatu diren guzti horiei. Hau guztia gabe ezinezkoa litzateke kilometroak elkartasunez leuntzea. Hau da gure lanabesa. Hau gara. Eta hau gabe ez dugu izaterik.

Bi kanporatu

Hala ere, gure poza ez da erabatekoa. Hatortxu Rock elkartasuna eta jaia uztartzen dituen jaialdia da. Denak etxera denon artean ekarriko ditugula esaten badugu, jaia ere denon artean eta denontzako egitea ezinbestekoa da. Baina oraindik bide luzea dago egiteko. Atzo ere bi gizonezko kanporatu behar izan genituen eraso sexistak egiteagatik.

Eta kezka baino gehiago, gure haserrea adierazi nahi dugu. Bat bakarra gehiegizkoa da. Eraso hauek direla-eta bi pertsona kanporatu genituen. Hatortxu Rock denontzako gune segurua izatea nahi dugu eta beraz, ez zarete ongietorriak.

Nekea, poza eta gurekin ez daudenengatik samina nahasten dira Hatortxu Rocken biharamunean. Baina argi izan, denak etxean izan arte, lanean jarraituko dugu.

Bi mila esker guztioi eta jarraitu etxerako bidea auzo eta herrietan eraikitzen.

Denon artean, denak etxera!