Beste bat. Egin dugu 28. Hatortxu Rock ere. Eta nola! Beste behin, eta ia ohitura bilakatuta, txiki geratu zen Atarrabian antolatutako gunea. Txiki, baina elkartasunez lepo.
Urruntze politika amaitu da eta horrekin Euskal Herriko gatazkaren egoera guztiz aldatu. Baina badugu memoria, eta maitasuna tonaka. Sara Fernandez, Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturrlade, Iñaki Balerdi, Leo Esteban, Natividad Junko eta Karmele Solaguren larunbat honetan Hatortxun egon ziren.
Urruntze politika iragana da, bai, baina oraindik ez da dena konpondu. Horregatik bildu ginen larunbat honetan, urrats berri bat aldarrikatzen. Iraganera betikotzen gaituen egoerari astindu bat eman eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aferari irtenibide bat ematea da exijitzen duguna. Bukatu dira asteburu osoko bidaiak eta atzean utzi nahi dugu horrek eragindako sufrimendua. Baina badakigu ez dela dena bukatu. Amaiera berri bat dugu ortzimugan.
Eta bide horretan pausoa eman genuen atzo, milaka lagunen artean. Arratsaldeko lehen ordutik irudi ikusgarriak utzi zituen karpa nagusiak, Los Chikos del Maiz taldearen kontzertuarekin ia-ia beteta agertu zenean. Horti aurrera gunea beteta egon da goizeko 06:30ean itxi egin dugun arte. Mila-mila esker benetan! Hain beteta, gauerdi aldera sarrera guztiak agortu egin direla. Bihotz-bihotzez, mila esker Hatortxu bezalako elkartasun jaialdi bati zentzua ematen diozuen guztioi.
Nola ez, esker horiek biderkatuta jaialdia posible egin zuten boluntario guzti horiei, 500 inguru. Zer nolako altxorra den gaur egun ehunka pertsona, modu boluntarioan, maitasunez, lanean jartzea eta horrelako emaitza lortzea.
Hala ere, jaialdia ez da borobila izan. Borobila izatetik urrun egon da. Izan ere, bi eraso matxista salatu ziren Hatortxu Rock gunean. Argi esaten dugu, preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea denon artean eman behar diogu eta horregatik nahi dugu ahalik eta jende gehien batzea Hatortxu Rockera. Baina argiago diogu zu, erasotzaile hori, ez zarela ongietorria. Hatortxu Rockek guztiontzako gune seguru bat izan beharra dauka eta horretan ere lanean jarraitu beharko dugu.