2017-06-11

Ernaik ere Hatortxu Rockekin bat egin du

Ernai gazte antolakundeak bere babesa agertu dio Hatortxu Rock 20ri gaur Lakuntzan egindako bileran. Ernaiko bozeramaile Lur Albizu eta Hatortxu Rockeko kide Aitor Agirrezabal bildu dira uztailaren 27tik 30era elkartasun jaialdiaren 20. edizioa hartuko duen herrian. Erronka handia jarri du Hatortxu Rockek mahai gainean: Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatzea. Eta horretarako euskal gizartearen indar guztiak beharrezkoak dira. Gazte zein heldu.

Gazte antolakundeak ekimena bultzatzeko konpromisoa hartu du eta baita jaialdi erraldoi hau posible egingo dute 6718 txandetan laguntzekoa ere. #6718taupada kanpainaren barne taupada izango dira Ernaiko kideak ere.

Indar guztiak beharko ditugu uztailaren 27tik 30era inoiz ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena antolatzeko. Eta handiena izango bada, gizartearen esparru desberdinetaraino iritsi behar gara. Lan horretan, eragile desberdinekin biltzen ari da Hatortxu Rock, eta Ernaik ere bere alea batu nahi izan du auzolan honetara.

Gazte ugari bilduko dira Lakuntzan uztailaren azken asteburuan. Baina gazte eta helduen indarrak behar dira behingoz eta betiko euskal preso politikoen dispertsioa eta urrunketarekin amaitu nahi baldin badugu. Bide berean indarrak batuko dituzte Ernaik eta Hatortxu Rockek.