2017-03-28

Hatortxu Rock 20ren aurkezpena, igandean Lakuntzan

Hatortxu Rockek bere 20. edizioa uztailaren 27tik 30era egingo du, eta 2009an 10. edizioan gertatu bezala, Lakuntzara itzuliko da. Zergatik? Arrazoiak asko dira, baina nagusia, herria bera. Orduan erakutsitako jarrera eta elkarlan erakustaldia ikusita, argi geneukan Lakuntza zela gure lehen aukera.

Eta igande honetan, apirilak 2, herriaren aurrean aurkeztuko dugu elkartasun jaialdia. Bertako Kultur Etxean, 18:30etatik aurrera, proiektuaren xehetasun guztiak emanen dizkiegu herritarrei eta, nola ez, musika ere ez da faltako. Olatz Salvador eta Xabi Solano Maiza & DZ bertan izanen ditugu.

Sarrera doakoa, baina lekua mugatua. Bertan, aurkezpenaz gain, arropa erosteko parada edo lan-taldeetara edo txandetara batzeko aukera ereĀ  izanen duzue. Eta bai, igande honetan Lakuntzan egonen gara, baina adi, hurrengo asteetan zure herritik gertu egon gintezke eta!

Denon artean, denak etxera!