2017-06-07

#6718taupada; zure alea behar dugu

Uztailaren 27tik 30era Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatzera goaz. Hatortxu Rock 20. Dispertsioaren aurkako erronka erraldoia. Eta erronka erraldoi honek auzolan erraldoia eskatzen du. Eta zu behar zaitugu. Eman izena hemen txanda egiteko.

Azken egunetan, herritar askoren laguntzari esker #6718taupada kanpaina jarri genuen martxan. Eta zer dira 6718 taupada hauek? Hau da Hatortxu Rock 20 elkartasun jaialdiak behar dituen txanda kopurua. Hau da gure erronka. Baina herri honetan ohituta gaude erronka erraldoiei aurre egiten. Eta beti elkarrekin, auzolanaren bidez, egin diegu aurre. Hala ere, oraingoa, herri honek sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izatea du helburu.

Eta nola egin behar dugu hau?

Antolakuntza lanetan dihardugunok ilusio eta indarrez beterik gaude erronka honen aurrean, eta gure ordu guztiak eta konpromiso maila altuena emateko prest gaude. Horretan gabiltza aspalditik hona. Baina aurrera aterako bada, errepresaliatuak etxean, bizirik eta aske izateko aurrera pauso bat emango badugu, denon konpromisoa ezinbestekoa da. Sinetsi dezagun denok benetan hitzordu hau errepika-ezina izango dela. Egin dezagun denok gure ekarpena. Bakoitzak ahal duen neurrian. Denon artean antolatuko dugu Hatortxu Rock 20 eta denon artean ekarriko ditugu etxera.

Zure alea behar dugu. Zure taupada behar dugu. Auzolanez aterako dugu aurrera Hatortxu Rock. 6718 taupada ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena antolatzeko. 6718 taupada azken Hatortxu Rocka egiteko. 6718 taupada denak etxera ekartzeko. Izan zaitez taupada. Hasi da atzera kontua.

Denon artean, denak etxera!!