2017-06-01

Egun bakoitzeko kartela, iragarrita

Gero eta gertuago dago Hatortxu Rock 20. Asko zarete hasiera-hasieratik talde bakoitzak zein egunetan jo behar zuen jakin nahi zenutenak, eta hemen duzue informazioa. Lau egun, 85 talde, milaka pertsona… Errepikaezina izango da Hatortxu Rock, eta hasiera-hasieratik izanen da.

Lau egun erakargarri osatzen saiatu gara, Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatu asmoz. 2017 urtea da eta bada garaia Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko. Gatazkari konponbidea aurkituko bazaio errepresaliatu guztiak etxean, bizirik eta aske behar ditugu. Mendeku kilometroekin amaitu beharra dago. Eta jada ezin dugu amorrua aldarrikapenera mugatu. Hau konpondu beharra daukagu, ehunka, milaka pertsonaren sufrimenduarekin amaitu beharra daukagu.

Horregatik hartu zuen Hatortxu Rockek 20. edizio hau antolatzeko konpromisoa. Eta horretan gabiltza aspalditik hona, konpromiso horri ilusioa gehituz.

Egun bakarreko sarrerak, salgai

Denbora honetan ere, askok galdetu duzue egun bakarreko sarreren inguruan, eta hauek ekainaren 6an jarri ditugu salgai esteka honen bitartez. Osteguneko sarrera 30 euroan egonen da salgai aldez aurretik eta 40 euroan bertan. Ostiral eta larunbatekoek, aldiz, 35 euroko balioa izanen dute aurretik, eta 45 eurokoa bertan. Igandean ez da sarrerarik kobratuko.

Hala ere, oraindik ere bada bonoa erosteko aukera eta 70 euroan mantenduko da, baina elkartasun jaialdiko lehiatilan 90 euroko balioa izanen du.