2017-05-29

EH Bildurekin elkartu da Hatortxu Rock, indarrak batu asmoz

Hatortxu Rock 20 inoiz ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena izango dela errepikatu dugu behin eta berriro, eta bide horretan norbanako, kolektibo, sindikatu eta alderdi politikoekin elkartzen ari gara. Gaurkoan EH Bildurekin egon gara, koalizioak Donostian duen egoitzan.

Bileran zehar Hatortxu Rock bezalako elkartasun jaialdi bat antolatu eta bultzatzeko beharrak konpartitu ditugu. Hatortxu Rock 1999an jaio zen bi helburu argirekin: elkartasun ekonomikoa eta errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa. 18 urte eta 20 edizio beranduago, egoerak bere horretan dirau eta Hatortxu Rockek mahai gainean kolpe bat emateko beharra ikusi zuen. Eta horretarako gizarte guztiaren indarrak beharrezkoak ditugu. Bide berriak ireki behar dira euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen etxeratzeko lanean eta zentzu horretan, Hatortxu Rock 20k jende asko erakarri nahi du auzolan honetara.

338 euskal preso politiko daude oraindik ere, gaur egun, espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, eta ezinbestekoa da gai hau errotik hartu eta gatazka armatuak eragindako ondorioak gainditzea.

Horretarako lan-tresna da Hatortxu Rock eta denon artean aterako dugu aurrera ekimen hau.