Gatibu

Hamasei urteko geldialdirik gabeko bidean, arnasa sakon hartu eta erabaki garrantzitsuak hartzeko ordua dela erabaki zuen Gatibuk Azken Indioak disko berria ondu aurretik. Gatibuk musikaren katebegitik begiratzen dio munduari, rock and rollaren katebegitik zuzentzen zaio musikari, kulturaren katebegitik dagio kuku etorkizunari, euskararen katebegitik kantatzen die bere herrikideei. Mugi gaitezen, alda dezagun, iraultzak alaia izan behar du, pozak eragin ditzala malkoak. Pentsatu, dantzatu, sentitu, dantzatu, mugitu, dantzatu, ez egon geldi, askatu beldurretatik.

Gatibu Bizkaiko Gernika-Lumo herrian 2002an sortutako euskal rock taldea da eta laukote bezala egin du gaur arte argitaratutako zazpi disko eta zuzeneko bat. Bere lehendabiziko abestietatik argi eta garbi antzeman daiteke taldea euskal kulturako lerro musikal hedatuenetarikoa izateko jaioa izan dela. Hamabost urte pasatxoko bizitzan bere lanen joera soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan bideratu duela azpimarra daiteke, estudioko emaitzak nabarmenki hobetuz eta edozein jarrera abangoardistetatik urruti mantenduz.

Bere musika-estiloa bizkaitar euskalkian abesturiko rock koloretsua da oinarrian, melodiaz betea eta bizia. Konplexu artistikoetatik ihesi egindako musika zabala, rock-aren indarra pop-aren doinuarekin bustiz sortzen dena gehi adiskidetasuna eta emozio edo gogo-aldarteak ardatz dituen egunerokotasun gaiei buruz idatzirik dagoena. Baina enborra rock-a eta pop-a izan arren, hortik irteten diren adarrek ematen dituzten hostoak ere ureztatzen ditu; folk, country eta disko/funky erritmo dantzagarridun batzuk ere modu natural osoz atxikitzen dira errepertorio guztian zehar. Musikari leihoak zabaltzen dizkion estiloa uztartzen du, taldea momentu oro haize berriz kutsatu dezan.

web

https://www.gatibu.es/

facebook

https://www.facebook.com/gatibu

twitter

https://twitter.com/Gatibu

instagram

https://www.instagram.com/gatibuofiziala/