Bad Sound

Euskal Herrian jamaikar kultura eta musika egiteko modua ulertu eta barneratu duen talderik bada, hori Bad Sound System talde irundarra da. Euskal Herriko Hip Hop eta Reggae eszenaren aitzindari, musika estilo hauek maite dituenarentzat nahitaezko erreferente bilakatu dira ia 10 urtez egindako ibilbide luze bezain oparoan. Euren zuzeneko indartsuengatik famatuak, gutxi dira gure herrialdean hirukote bilakatutako talde honek oraindik zapaldu ez dituen eszenatokiak. Izan ere, kontaezinak dira orain arte eskainitako kontzertuak.

Honetaz gain, nabarmentzekoak dira BAD Sound System taldeak, betidanik, beste talde, DJ eta musikariekin egin izan dituen kolaborazio eta harremanak, bai Euskal Herrian, baita internazional mailan ere: Rude Hi Fi (Bologna-Dressden), ASK(EH), Fermin Muguruza(EH), Sorkun(EH), Lengualerta(Mexiko), Mungo´s Hi Fi (Eskozia), Fogata sound(Paris), Illbilly Hitec(Berlin), Jage(RubaDubMarket/Japon)… 2006an, Zu2aK izeneko plataforma eratu zuten, Reggaearen kultura Euskal Herrian bultzatzeko asmoz, batez ere Bidasoa aldean. Honi esker hainbat herrialde ezberdinetako Mc, Dj eta sound systemekin batera antolatutako saioez gozatzeko aukera izan du Euskal Herriko hainbat eta hainbat Reggae zalek.