2021-11-26

Osasun egoeraren ondotik sortutako ziurgabetasun egoera dela-eta, abenduaren 18rako iragarrita genuen Hatortxu Rock bertan behera uztera behartuta

Gaur ez genuke hemen egon nahi. Gaur zita genuen Atarrabian. Ordu honetan bertan. Gunea hesitu eta abenduaren 18an egitekoa zen Hatortxu Rocken muntaia martxan jartzeko. Baina hemen gaude. Ia bi urte dira Koronabirusak sortutako osasun krisian murgilduta gaudela. Eta badirudi oraindik ez garela aterako. Covid-19en kutsatu kopuruak gora egin eta egoera pandemikoak okerrera egin eta gero, Hatortxu Rock 25 bertan behera uztera behartuta gaude.

Garai zaila bizitzea egokitu zaigu gizarte osoari. Eta Hatortxu Rock ez da libratu. Garai zailak kultura eta musikaren sektorearentzat. Garai zailak ere elkartasunarentzat. Pentsa, zein garai zaila euskal preso politiko eta haien senideentzat.

2020an azkar ikusi genuen argi ezingo genuela Hatortxu Rock guztiok ezagutzen dugun moduan antolatu. Eta horren ordez, ikus-entzunezko produktu bat egin genuen, harrera bikaina izan zuena, bide batez. Aurten, Atarrabiako karpara itzultzeko aukera erabat baztertuta egon ez arren, beste eskema batzuekin lanean hasi ginen. Hauei forma ematen ari ginela iritsi zen 2021eko irailaren 28a. Maria Chivitek, Nafarroako lehendakariak, koronabirusaren ondorioz hartutako neurri guztiak bertan behera utzi zituen, musukoa izan ezik. Egun gutxi lehenago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egoera pandemikoa amaitutzat eman zuen.

Honek guztiak leiho berri bat ireki zuen. Hatortxu denok ezagutzen dugun moduan antolatu zitekeen. Eta erlojuaren kontra lanean jarri ginen posible egiteko. Urte eta erdi luze honetan elkartasun ekimen gehienak bertan behera geratu dira eta dispertsio politikak edo espetxean egoteak berak dakartzan gastu ekonomikoak ez dira desagertu. Beraz, argi izan genuen. Aukera zegoen, osasun agintariek baimentzen zuten eta Hatortxu Rock bere ohiko formatuan egin behar genuen.

Eta harrera izugarria izan zen. Bai barruan, zein kanpoan. Lan-taldeak buru-belarri hasi ziren lanean, dena prest egon zedin. Eta iragarpenak oihartzun itzela izan zuen eta sarrerak, salmentan jarri genituenean, 90 minututan agortu ziren. Zaila da hitzez azaltzea. Baina pentsa honek errepresaliatuentzako, senideentzako eta baita antolakuntzan ibili den ororentzako suposatu zuena. Zer nolako bultzada. Berriz ere eskerrak emateko aprobetxatuko dugu!

Orain, dena antolatuta dugunean, bertan behera utzi beharrean gaude. Ez dago argi zein neurri ezarriko diren datozen asteetan eta ezjakintasun horrek, inestabilitate horrek, Hatortxu Rock erabat hipotekatzen du. Ez da soilik aurten ezingo diogula dispertsioaren aurkako borrokari ekarpenik egin, ezingo ditugula honek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu edo ezingo ditugula dakartzan gastuak leundu. Egoera honek zulo ekonomiko handia sortuko dio Hatortxu Rocki.

Esan bezala, gaur erabaki hau hartuta, dagoeneko, galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dugu aurten, milaka eurotakoa. Lehenago aipatu dugu, gaur zen hastekoa muntaia eta horrekin batera, aurrerago bertan behera uztera behartuak egongo bagina, gure galerak 10 aldiz biderkatuko lirateke. 25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handi bat egiten duena, ezin dugu modu horretan hipotekatu. Ezin dugu Hatortxu Rock arriskuan jarri.

Hasteko eragozpen guztiengatik asko sentitzen dugula nahiko genizueke eta segidan, lanean jarraitzeko beharra nabarmendu. Badakigu hau ez zela inork entzun nahi zuen berria. Ilusio handia erakutsi duzue edizio honen aurrean eta horrek are eta zailagoa egin du erabaki hau.

Datorren ostegunean, abenduak 2, sarrera erosi duzuenok mezu bat jasoko duzue emailean, dirua berreskuratu nahi duenak berreskuratu ahal izan dezan.

Baina ez gara geldirik geratzekoak. Eta hurrengo urterako, ahal badugu behintzat, bi data aurkezten dizkizuegu.

Bata, udarako iragarrita duguna; 2022ko uztailaren 29 eta 30ean Atarrabian.

Bestea, ohikoa, 2022ko abenduaren 17an.. Bi urte Hatortxurik gabe, bi urte errepresioa pairatzen dutenek gure laguntza jaso ez dutela eta haien egoeraren salaketa egin ez dugula. Gehiegi.

Honela, etenik gabe udako zita horri begira lanean jarraituko dugu, osasun egoerak eta honen baitan hartutako neurriek ahalbidetuko duen itxaropenez. Milaka lagun zarete dagoeneko Hatortxu horretarako ere sarrera erosi duzuenak. Gure ahalegin handiena egingo dugu denbora guzti honetan bildu ezin izan dugun elkartasun guztiari forma emateko.

Bitartean, gogoratu badaudela elkartasuna emateko beste hainbat bide. Gure webgunean arropa denda daukagu eta, opariak egiteko ohitura dugun garai hauetan, aukera bikainak topa ditzakezue. Aurtengo eskaintza badago dagoeneko eskuragarri eta, hurrengo astetik aurrera, promozio eta hainbat produkto berri ere egonen dira eskuragarri, modu txikiagoan baldin bada ere, gure ekarpenari hutsik ez egiteko.

Berriz ere, mila esker guztioi. Uztailean ikusiko dugu elkar!
Denon artean, denak etxera! Hator, hator neska-mutil etxera!
Hatortxu Rock