2018-06-27

Vendettaren agurra, abenduaren 28an, Hatortxu Rock karpan

Azken hamarkada honetan, une ugari elkarbanatu ditugu Vendettak eta Hatortxu Rockek, eta taldearen azken akordeetan haien alboan egon behar genuela argi geneukan. Lehenik eta behin taldekide guztiei eskertu nahi diegu urteetan zehar Hatortxurekin izan duten jarrera eta erakutsi duten elkartasuna, eszenatoki gainean eskainitako kontzertu ahaztezinetan, ‘Hator-hator’ abestiaren grabaketan eta behar izan dugun guztietan.

Horregatik zuek hainbestetan abestu dituzuen hitzak gure egingo ditugu: Vendetta, “Hemen gaituzu betiko”. Eta hala izanen da agurrean ere.

Hatortxu Rockek bere 22. edizioa antolatuko du aurtengo abenduaren 29an eta azken urteetan ohi legez, Atarrabiara itzuliko gara. Euskal preso politiko iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan. 2018 hau Euskal Herriaren historian gorriz markatuta geratu da dagoeneko, bakea eta konponbidearen alde eman diren urratsak direla-eta, ETAren ziklo amaiera buru.

Aldiz, urrats hauek aldebakarrekoak izan dira eta oraindik ere 280 euskal preso politiko Euskal Herritik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduta dituzte frantziar eta espainiar Estatuek. Giza eskubide urraketa honen amaieraren inguruko zurrumurruak entzuten diren arren, ehunka dira astebururo errepidean bizitza jokoan jartzen duten herritarrak eta hilabete amaieran gastu ekonomiko izugarria pilatzen dutenak.

Horregatik, Hatortxu Rock antolatzen jarraitzeko beharrarrean aurkitu gara. Eta gabonetako datetara itzuliko gara. Urteko azken larunbatean, abenduak 29, iragango da Hatortxu Rock 22.

Data honekin lanean hasiak ginela jakin genuen Vendettak bere ibilbideari amaiera emanen ziola urte bukaeran. 1+1=2. Baina Vendetta ez da abenduaren 29an arituko, aurreko gauean, ostirala, abenduak 28, igoko da Hatortxu Rocken eszenatoki gainera bere azken kontzertua jotzeko.

Beraz, elkartasun eta emozioz jositako bi gaurekin emanen diogu amaiera 2018 honi:

  • Abenduak 28: Vendettaren agur kontzertua
  • Abenduak 29: Hatortxu Rock 22