2017-10-10

Hatortxu Rock 20, Fest sarietan hautagai

Uztailean egin genuen Hatortxu Rock 20, Fest sarietan hautagaia da bi kategoria desberdinetan. Alde batetik, “Formatu erdiko festibalik onena” eta bestetik “Festibal iraunkorrena” sailean. Bozka publikoa gaur bertan amaitzen da eta esteka honen bitartez parte hartu daiteke,

Bihar eta etzi epai-mahaiaren ordua izanen da eta bi bozka batuta erabakiko dira irabazleak. Hauek urriaren 25ean Bilbon egingo den ekitaldian emanen dira ezagutzera. Fest sariak musika festibalen inguruan espainiar Estatuan dauden sari garrantzitsuenak dira.

Hatortxu Rock 20 Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izan zen. Milaka pertsona bildu ginen Lakuntzan euskal preso politikoen eskubideen aldeko mezua helarazi eta haien senide eta lagunei elkartasuna adierazteko helburuarekin.

85 talde, 6.000 boluntario inguru, sei eszenatoki, kanpalekua, NAIZ gunea, jantokia… Laburbiltzen oso zaila. Apustu handia izan zen 20. edizioak ekarri zuena. Beharrak eskatutako apustu eta erronka erraldoia. Hala ere, memorian gordetzeko asteburua bizi izan genuen eta arestian aipatutako helburuak ongi beteta itxi zituen ateak Hatortxu 20k.

Hatortxu Rockentzako ohorea da Fest sarietan izendatua izatea. Lan onaren seinale. Baina garrantzitsuagoa ikusten dugu, nola ez, errepresaliatuen defentsan eta urrunketa pairatzen duten senide eta lagun guzti horien babeserako lan egiten duen jaialdi batek estatu mailan halako aitorpena izatea. Etxerako bidea eraikitze horretan, urrats berri bat.