2017-05-31

Sareren babesa jaso du Hatortxu Rockek

Asko gara, gero eta gehiago, euskal preso politikoen dispertsioaren kontra lanean ari garenak. Zentzu horretan, Hatortxu Rock eta Sare Gasteizen bildu dira HTX20 ko zita etxerako bidean benetako bultzada izango dela ziurtatu nahian.

Sarek bere babesa agertu dio Uztailean Lakuntzan, lau egunez, egingo dugun ekimenari. Dispertsioarekin amaitzeko alor desberdinetan, jende desberdinarekin eta ekimen desberdinekin egin beharreko lana azpimarratu dugu bileran zehar. Bakoitzak bere aldetik tiraka, norabide berean, preso guztien etxeratzea lortu arte.

Indar guztiak beharko ditugu uztailaren 27tik 30era inoiz ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena antolatzeko. Eta handiena izango bada, gizartearen esparru desberdinetaraino iritsi behar gara. Lan horretan, eragile desberdinekin biltzen ari da Hatortxu Rock, eta Sarek ere bere alea batu nahi izan du auzolan honetara.