2016-11-08

SARRERAK AGORTU DITUZUE; MILA ESKER!

Mila esker Hatortxu Rock 19ko sarrera erosi duzuen guztioi. Oraindik aurretik hilabete baino gehiago geratzen denean, sarrerak agortu egin dituzue. Kartelak hasiera-hasieratik izan zuen ongietorriak ez du etenik izan eta inoiz baino lehenago geratu gara sarrerarik gabe. Mila esker berriro ere.

Azken urteetan ohikoa bihurtu duzue berri hau. Hatortxu Rock urtez-urte handitu egin duzue, elkartasun oihu izugarri bat bidaliz espainiar eta frantses estatuetako espetxeetara. Baita deserrira ere.

Datu hau, datu soil bat baino askoz gehiago da. HatortxuRock beti izan da elkartasun erakustaldi handia eta zuek aurten eman duzuena ez da txikiagoa. Denon artean egin behar dugu etxerako bide hau eta aurten erakutsi duzue bide honetan gero eta gehiago garela. Milaka txori denon artean burdinak hausteko.

Sarrera guzti-guztiak agortu dituzue, beraz, egunean bertan ere ez da sarrerarik izango leihatilan. Sentitzen dugu sarrerarik gabe geratu diren lagunengatik. Badakigu beste asko zirela elkartasun jaialdian parte hartu nahi zutenak. Hurrengo Hatortxu Rock bat antolatzeko beharra izatekotan, kontuan izanen dugu, eta saiatuko gara inor ez dadila sarrerarik gabe geratu.

Dena den, gogoan izan elkartasuna adierazteko beste aukera bat duzuela abenduaren 16an, Hatortxu karpan bertan egingo dugun elkartasun afarian. Gau goxo eta berezia izango da, benetan. Ez galdu!

Bi mila esker guztioi berriz ere!