Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatzera gindoazela esan genuen. Eta hala egin genuen. 84 talde, sei agertoki, gune desberdinak, milaka boluntario lanean… Eta hau guztia zergatik?
Hatortxu Rock 1999an jaio zen, bi helburu argirekin: euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoera salatu eta euskal preso politikoen senideek pairatzen duten urrunketak suposatzen dituen gastuak, ahal den neurrian, arintzea. 18 urte eta 20 edizio ondoren, Berriozarreko frontoi txiki batean hasi zena, aurten ezagutu dugun Hatortxu Rock 20 izatera iritsi da. Urte guzti hauetan milaka pertsonek haien denbora, indarrak, ilusioa eta elkartasuna batuz sortu dute elkartasun jaialdi erraldoi bat.
“Lau egun bizitza osorako” zioen NAIZ atariak jaialdiaren laburpen modura egindako bideoan.
Ilusioa eta elkartasuna ardatz, urtebete lehenago hasi ginen proiektu honekin lanean. Bada, Hatortxuren baitan, hasiera-hasieratik (1999tik) antolakuntzan dabilen jendea eta ordutik hona asko indartu dira elkartasun jaialdia osatzen duten lan-talde guztiak. Hilabete askotan zehar asko dira Hatortxu Rock 20 honetan buru-belarri aritu diren pertsonak, bakoitza bere alorrean pausoak emanez uztailaren 27tk 30era Lakuntzan bizi izan genuena posible egiteko. Baimenak lortu, azpiegitura guztia prestatu, taldeekin lehen pertsonan elkartu, jaialdia Euskal Herriko herri ezberdinetan eta baita Bartzelona, Madrid, Paris edo Berlinen aurkeztu…
Ordu eta kilometro ugariko hilabeteak. Baina ozen eta harro esan dezakegu merezi izan duela lan gogor guzti honek. Aurreikuspen guztiak gaindituta milaka pertsona batu ginen Lakuntzan. 84 kontzertu, musikaz, elkartasunez eta ilusioz jositako 96 ordu, lerro gutxi batzuetan laburbiltzea ezinezkoa diren 96 ordu.
Musika eskaintza ere inoiz baino anitzagoa izan zen. Esteka honetan duzue kartela, zeinetan gustu eta jatorri ezberdinetako talde guzti horiek ikus daitezkeen. Ekonomikoki musika jaialdi handiekin ezin gara buruz-buru lehiatu eta horregatik oholtza gainean zerbait berezia eskaintzera behartuta gaude. Zentzu horretan, aurten, gaur egun eskenatokietan ez dauden hainbat talderen itzulera izan genuen: Kerobia, El Corazon del Sapo, Des-kontrol, Inadaptats, Ehun Kilo edo Ekon. Baita Betagarriren agurra ere, 24 urteko ibilbidearen ostean. Eta hori gutxi balitz, gasteiztarrekin batera Obrint Pas taldeko kideak egon ziren Lakuntzan. Irudi ederrak utzi zizkiguten kontzertu hauek guztiek.
Eguraldiak ere lagundu zuen eta Hatortxu Rocken helburuak inoiz baino gehiago bete genituela esan daiteke. Errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa inoiz baino gehiago hedatzea erdietsi genuen. Eta ez bakarrik Euskal Herriko hedabideetan (hauetako askoren kasuan ere, normalean gai hau jorratzea kostatzen zaienak), baita espainiar Estatuko beste hedabide batzuk (Arainfo, La Directa, La Marea) eta musika munduko argitalpen oso garrantzitsuak (Mondo Sonoro, Zona Zero Insonoro edo Rock Estatal).
Horretaz gain, bizitako giroa da gutako askok azpimarratu dugun garaipen handienetako bat. Bai bertan arnastu genuen bai gerora jendeak helarazi diguna.
Honetarako ahalik eta erraztasun gehien ematen saiatu ginen etorriko ziren jende guztiari. Hemen ikus daiteke aurretik argitaratu genuen gida praktikoa. Eta hau guztia 6.000 pertsona ingururen lan boluntarioari esker. Erraz esaten da, baina izugarria da zifra hau. 6.000 pertsona inguru helburu baten alde musutruk lanean.
Eta maila honetara iritsi gara, leku honetara iritsi nahi ez genuenean. Beti diogu, ez dugu beste jaialdirik antolatu nahi. Baina gure helburuak dirauten bitartean, lanean jarraituko dugu. Eta erakutsi dugunez, inoiz baino indartsuago.