2021-10-26

17 musika talde igoko dira Hatortxu Rocken oholtzara

Segismundo Toxicómano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauría, Dupla, Nøgen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade, Dj Plan B

Hauek dira abenduaren 18an, Hatortxu Rocken 25. edizioan, oholtzara igoko diren taldeak. Beste behin ere, talde bat edo bestearen gainetik, gusto anitzetarako kartela osatzen ahalegindu gara. Aurten, gainera, erlojuaren kontrako lanean. Baina hemen duzue, estilo eta jatorri desberdin ugariko 17 taldek osatu duten eskaintza.

Hau aprobetxatu nahiko genuke, berriz ere, sarrerak guzti-guztiak agortuta daudela gogora ekartzeko. Ordu eta erdi eskasean agortu ziren, salgai jarri ziren egun berean.

Hau guztia, inoizko egoera berezienean eta inoiz baino informazio gutxiagorekin. Azaldu genuen bakarra “ohiko” Hatortxu Rock bat izanen dela izan zen. Eta, hala ere, jendeak hutsik ez duela egingo, errepresaliatu politikoen senideei hutsik ez dietela egingo, argi utzi zuen.

Orduan aipatu genuen, urtero oholtzara igotzen diren taldeen gainetik gure kartelburuak beti direla berdinak: euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideak. Gure kartelaren, gure lanaren, gure auzolanaren zergatia.

Eta kartelak eta edizioak eta behar den guztia ateratzen jarraituko dugu azken euskal errepresaliatuko politikoak etxerako bidea bete arte. Bide horretan, auzolan erraldoi baterako prestaketetan gaude berriz ere eta bakoitzak ahal duen neurrian laguntzea ezinbestekoa da. Hori dela-eta, mundu guztia animatu nahi dugu antolaketan parte-hartzera. Denon artean egiten dugula diogunean, ez da esaldi huts bat.

 

Udako sarrerak, azaroaren 1ean

Hatortxu Rock 25erako sarrera guztiak, aipatu dugun moduan, agortuta daude. Baina, dakizuenez, pandemiak sortutako etenaldiaren ostean ahalegin berezi bat egitea pentsatu dugu eta udan bi eguneko edizio berezi bat antolatuko dugu. Uztailaren 29 eta 30ean, Atarrabian.

Zita horretarako sarrerak azaroaren 1ean, 20.00etan, jarriko dira salgai www.hatortxurock.eus webgunearen bitartez. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa izango du eta egun bakarrekoak, bai ostiralekoak zein larunbatekoak ere, 30ekoa. Astelehenean soilik bonoa jarriko da salgai.

Denon artean, denak etxera!
Hatortxu Rock