2020-11-17

Hatortxu Rock 24; sarrerak salgai

María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor; Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alex Sardui, Alberto Sanzol, Hutsun eta Iván Carmona; Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina; Erika Olaizola eta Lander Garro

Jakina denez, aurten ezingo dugu Hatortxu Rock orain arte egin ohi genuen moduan antolatu. Horrek ez du esan nahi aurten ez denik elkartasun jaialdirik izanen. Izan ere, osasun krisiak errepresaliatu politikoen eta haien senideen egoera larria ere kolpatu egin du eta elkartasuna, zentzu guztietan, helarazteko beharra inoiz baino gehiago sentitu dugu.

Lanean jarri eta abenduaren 26an gozatu ahal izango den ekimen berezi bat antolatzen ari gara. Alde batetik, egun horretarako María Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratuko dituzte eta hauek plazaratzeko Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodríguez, Lorena Aisa, Francis Díez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando, Alberto Sanzol, Hutsun, Iván Carmona eta Alex Sarduiren laguntza izanen dute.

Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien lan berriak taularatuko dituzte. Ikuskizuna Erika Olaizolak eta Lander Garrok borobilduko dute.

Guztia helburu argi birekin. Ikuskizun erakargarri eta berezi baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izan eta, inoiz baino gehaigo, dispertsio politikak, oraindik ere, 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak arintzea.

Egun bizi dugun osasun krisiak gogor kolpatu ditu espetxeak eta bertan daudenen zein haien gertukoen eskubideak. Bisitak murriztu egin dira eta ez dira gutxi izan 1.000 kilometro egin ostean haien senide edo laguna ikusi gabe etxera itzuli behar izan direnak. Orain, mugikortasun murrizketen ondorioz ere, dispertsio politikak traba gehiago ezartzen dizkie. Arrazoi bat gehiago, 32 urte eta gero, 16 heriotz eragin dituen sakabanaketa honekin amaitzeko.

Pandemiak ez digu utziko milaka lagun batzen eszenatoki baten aurrean, baina Euskal Herriko herritarrek hamarkada luzeetan zerbait erakutsi baldin badute, trabak gainditzeko ahalmena izan da. Euskal gizarteak beti topatu du aurrera egiteko bidea. Eta orain ere aurkitzea dagokigu. Eta ez dugu eszenatoki horren aurrean topo eginen, baina milaka izan behar gara, Euskal Herriko txoko guztietatik, abenduaren 26an, Hatortxu Rock 24az gozatzen topo egin behar dugunak, etxerako bidea bakoitzaren etxetik eraikitzen jarraitzeko.

Beti azpimarratzen dugu gure jaialdian auzolanak eta konpromisoak duten garrantzia eta aurten inoiz baino gehiago ezinbestekoak dira. Denon laguntza beharko dugu ekimena lau haizetara zabaltzeko eta errepresaliatuei zein haien senideei benetako bultzada emateko. Dispertsioaren gastuei aurre egiteko diru sarrera nagusiak herri ekimenetatik datoz, baina herri ekimen gehienak bertan behera utzi ditu pandemiak. Beraz, dispertsioak martxan jarraitzen du baina diru sarrerak eten egin dira. Oso ekuazio negatiboa. Hau iraultzeko ekimena izan nahi du Hatortxu Rock 24 jaialdiak.

Eta sarrerak dagoeneko eskuragai dituzu esteka honen bitartez. 12 euroko prezioan Hatortxu Rock 24 ikuskizunaz gozatu eta dispertsioak eragindako gastuei aurre egiten laguntzeko aukera.

Gainera, Hatortxu Rock 24ko sarrera erosiz, hurrengo ekitaldiko sarrera aurresalmenta esklusibo batean lortzeko aukera izanen duzu.

Denon artean, denak etxera!