2020-10-29

Hatortxu Rock 24: inoiz baino gehiago

Beharra inoiz baino handiagoa da eta, abenduaren 26an, Hatortxu Rock 24 antolatuko dugu.


Hatortxu Rock 1999an jaiotako musika jaialdia da. Bi helbururekin sortu zen orduan; euskal errepresaliatu politkoen egoera salatzeko bozgorailu gisa eta dispertsio politikak presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak samurtzeko.

21 urte eman ditugu etengabe, abenduro, milaka lagun elkartzen. Aurten baina, osasun krisi larriaren eraginez, ezingo dugu ohiko elkartasun jaialdia antolatu. Baina lanean jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa da. Izan ere, pandemiak gehien jipoitutako sektoreetako bi dira gurean protagonista: presoak eta kultura.

Beraz, esan bezala, beharra inoiz baino handiagoa da eta abenduaren 26an Hatortxu Rocken 24. edizioa antolatuko dugu.

Bakoitzak bere etxetik gozatu beharko duen jaialdia izango da aurtengoa. Baina hori da aldatuko den gauza bakarra. Eskaintza oso berezia izango dugu taula gainean, soilik Hatortxu Rock honetan gozatu ahal izango diren izen, abesti eta ikuskizun ezberdinekin.

Musika izango da protagonista, baina baita kulturaren beste esparruetako erakusleak ere izanen dira gurean. Modu honetan, hainbeste urtetan gure alboan izan diren musikari guzti horiei haien ahalegina itzuli nahi diegu egoera zail honetan, benetan zerbait berezia taularatuz.

Baina gure izena eta izana ez ditugu ahaztuko. Gogora ekarri behar dugu koronabirusak espetxe barruan ere bizitza zaildu egin duela eta, zer esanik ez, senideekiko kontaktua. Oraindik 221 euskal herritar daude espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan. Azken hilabeteetan keinuak ikusi eta hainbat etxetik gertuago baldin badaude ere, asko eta asko dira oraindik ehunka eta milaka kilometro egin behar dituztenak haien senide edo gertukoak ikusteko. Eta, beraz, beti esan dugun bezala, denak etxean izan arte lanean segi behar dugu.

Hori gutxi balitz, egungo osasun krisiaren aitzakiapean murriztu egin dira aurrez-aurreko bisitak eta ez dira gutxi bidaia luzeak egin ostean bisita egiteko aukerarik gabe geratu direnak. Beraz, lanean segi behar dugu. Eta “inoiz baino gehiago” segi ere. Astebururo 1.000 kilometro egiteak suposatzen duten gastuek hor jarraitzen dute eta, aldiz, diru-sarrerak, gehienak herri mugimenduak antolatutako ekimenetatik zetozenak, eten egin dira pandemiak ekimen guzti horiek bertan behera utzi eta gero. Hatortxu Rock inoiz baino beharrezkoagoa da.

Gauzak honela, guk gure konpromisoari eusteko beharra ikusi dugu. Orain dugu aukera. Baina ezin dugu bakarrik egin.

Aurten internet bidez jarraitu beharko da Hatortxu Rock jaialdia, baina, zinez, mereziko duen zerbait eskaintzera gatoz. Haiek merezi dutelako.

Datozen egunetan emango dugu jaialdiaren inguruko argibide eta berri gehiago. Eta laster izango duzue zuen sarrera eskuratzeko parada.

Inoiz baino gehiago behar zaitugu Hatortxu Rock aurrera ateratzeko. Inoiz baino behar zaitugu denak etxeratzeko. Zure etxetik, denak etxera!

Hatortxu Rock