2018-12-30

Urari bide egin diozue, mila esker!

Elkartasun giroz jantzi zenuten beste behin Hatortxu karpa, eta arratsalde eta gau benetan berezia izan zen larunbatekoa. Milaka pertsona batu ginen helburu argi batekin. Denak etxera ekartzea. Eta ura hasi da bide egiten. Elkartasun erakustaldia eman zenuten sarrerak jaialdia bera baino hiru aste lehenago agortuta eta Hatortxu 22 ahazten zaila egin zenuten atzo ere.

Mila esker berriz ere orru hau espetxeetako ziegetara edo deserriko txoko guztietara helarazteagatik, mila esker astebururo astebururo errepideetan bizitza jokatzen duten senide eta lagun horiei herri bat haiekin dutela gogoratzeagatik, mila esker etxerako bide trabatu horretan urari harri kozkor bat gehiago kentzn laguntzeagatik, mila esker Hatortxu Rocken bitartez dispertsioaren aurkako borrokan gero eta gehiago garela azpimarratzeagatik, mila esker zu gu izateagatik.

Eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren 700 boluntarioei. Jaialdi honen ardatz diren adin guztietako pertsona horiei. Zuek gabe ez legoke halako elkartasun jaialdi bat antolatzerik. Mila esker urte guztian zehar lanean aritzen zareten boluntario horiei, mila esker azken aste hauetan muntaian ibili zareten horiei, mila esker larunbatean segurtasunan, barran, gune seguruaren brigadetan, bideogintzan, tiketeran, lehiatilan, sukaldean, antipanikoan, arropa saltzen edo filtroan lanean ibili zareten guzti horiei. Eta aipamen berezia igande goizeko lehen orduan gunea garbitzera gerturatu diren guzti horiei. Hau guztia gabe ezinezkoa litzateke kilometroak elkartasunez leuntzea. Hau da gure lanabesa. Hau gara. Eta hau gabe ez dugu izaterik.

Zuek zarete etxerako bidea egin behar duen ur hori. Eta atzo erakutsi zenuten ur hotz, ur bero, urjauzi, urbasa, uholde garela eta mundu honi askatasun forma ematen jarraituko dugula, tantaz tanta.

Eta karpa elkartasunez josi zenuten milaka lagunen jarrera ezin dugu azpimarratu gabe utzi. Jarrera desegokiak suertatu direnean salatu egin dugun bezala, txalotu egin behar dugu atzokoan sortu zenuten giroa. Denon esparru hau benetan denona egiten lagundu zenuten. Jarrai dezagun denon artean lanean, denak etxean izan arte.

 

Denon artean, Hatortxu Rock
Denon artean, denak etxera!