2017-11-28

‘HTX20; Elkartasuna, eskuz esku’ argazki liburua, salgai

Hatortxu Rock 20 erraldoia izan zen. Askotan aipatu dugu. Hain handia izan zen emaitza, gauza asko gure bistatik kanpo ere geratu zirela. Hau dela-eta, elkartasun jaialdi erraldoia posible egin zuen auzolana argazki liburu batean bildu dugu. ‘Elkartasuna, eskuz esku’.

Milaka eskuk atera zuten aurrera Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Liburuak 152 orrialde eta 200 argazki baino gehiagoren bitartez bildu nahi izan ditu. Bertan, azken asteetako lana, uztailaren 27tik 30era bizitakoa eta behin ateak itxita, desmuntaia, biltzen ditu.

  1. Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Truebaren Bostok Photo taldeak, Saioa ‘Gauilunak’, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Josetxo Perez, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchezek osatu dute argazkilari taldea. Diseinua, Oiartso Los Arcosen esku. Hitzaurrea, aldiz, antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalek egin du.

Kultura du aldarrikapen esparru Hatortxu Rockek. Euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa eta dispertsio politikaren salaketa. Normalean, musikaren bitartez jaialdi bat antolatuz. Aurten, Hatortxu Rock 20ak hartutako pisua ikusita, beste ate batzuk ere jo ditugu. Ostegunean Iruñeko Golem Baiona zinemetan estreinatuko da ‘HTX20; Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentala, eta eskutik dator argazki-liburua ere.

Dokumentalaren aurkezpenean egonen da liburua lortzeko aukera. Eta ondoren, bai bata zein bestea Durangoko Azokan izanen dira, Txalapartaren standean. Hortik aurrera bai liburu-denda eta baita internet bidez eskuratzeko parada ere izanen da.