2017-07-20

Hatortxu Rock 20; musika baino gehiago

Astebete baino ez da falta Hatortxu Rocken 20. edizioari ekiteko. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Milaka pertsona gerturatuko dira Lakuntzara uztailaren 27tik 30era eta ezin dugu ahaztu zergatik eta zertarako gauden hemen. Hatortxu Rock ez da inoren ez ezeren helburu, Hatortxu Rock tresna bat da. Eta tresna hori indartzen ari gara.

Zentzu horretan, uztailaren 27tik 30era musika jaialdi bat baino askoz gehiago izango da Lakuntzan. Horretarako egitarau berezi bat prestatu dugu, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditu eta informazioa helarazi aldera.

Uztailaren 27an, 18:30ean, Lakuntzako plazan hasiera ekitaldia egingo dugu, eta honen ondotik Kalera martxaren amaiera izango da.

Ostiralean, gustu anitzetarako aukerak izanen dira. Aralar-Arangun bisitatuko duen mendi martxa izanen da eta baita “Etxerat eta Preso eta Senideen aldeko herri-ekimenak” jorratuko dituen hitzaldi bat ere.

Larunbatean, magalean Hatortxu 20 hartuko duen Beriain mendira igoko gara. Herrian, aldiz, grafiti erakustaldia izanen da gaztetxe parean. Eguerdian nazioarteko ordezkariek “Preso politikoak eta gatazkaren konponbidea” hitzaldia eskainiko dute. Irlanda, Palestina, Kolonbia eta Euskal Herriko testigantzak izanen ditugu.

Igandean, aldiz, Hatortxu Rock 20ko ekitaldi nagusia egingo dugu. “Nahikoa da… Etxera!” lemapean, dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala eginen dugu. Ekitaldi jendetsua izatea espero dugu eta gizarte guztia gonbidatzen dugu egun honen parte izatera. Honetaz gain, azoka egonen da herrian eta haurrentzako programazioa ere. Baita herri bazkari handi bat ere.