2017-06-26

Uztailak 30, 13:00, Lakuntzan: Nahikoa da… Etxera!

Dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala egingo du Hatortxu Rockek uztailaren 30ean, 13:00ean, Lakuntzan. Hatortxu Rock 20ren azken egunean, igandean, sarrerarik ordaindu beharrik ez dagoen egunean, sakabanaketa eta urrunketarekin amaitzeko ekitaldi nazionala antolatuko du.

28 urte dira espainiar eta frantziar estatuek dispertsioa martxan jarri zutela. 18 urte eta 20 edizio Hatortxu Rock elkartasun jaialdia sortu genuela dispertsioak eragiten zituen gastu ekonomikoei aurre egiteko. Elkartasun ekonomikoa helburu, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsan jaio zen Hatortxu Rock dispertsioaren aurka.

18 urte eta 20 edizio eta gero, arrazoi eta helburu haiek, tamalez, indarrean jarraitzen dute. Ia 336 euskal preso politiko daude oraindik ere, gaur egun, espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek haien gertukoentzako suposatzen duen bizi arrisku eta sarraski ekonomikoarekin.

2017 urtea da eta bada garaia Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko. Gatazkari konponbidea aurkituko bazaio errepresaliatu guztiak etxean, bizirik eta aske behar ditugu. Aski da! Mendeku kilometroekin amaitu beharra dago. Eta jada ezin dugu amorrua aldarrikapenera mugatu. Hau konpondu beharra daukagu, ehunka, milaka pertsonaren sufrimenduarekin amaitu beharra daukagu.

1.000 kilometro asko dira, baina 50 ere gehiegi dira. Etxean behar ditugu. Etxera ekarri behar ditugu. Etxean daudenean soilik egin ahal izango du aurrera herri honek.

Horregatik uztailaren 27tik 30era Hatortxu Rock 20, horregatik herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Nazkatuta gaude eta ez gaude egoera hau luzatzeko prest. Denon indarrak behar ditugu denak etxera ekartzeko. Dei egiten diogu euskal gizarteari zein nazioarteari konponbidea exijitzeko eta Hatortxu Rock 20an parte hartzeko.

Zentzu honetan, uztailaren 30ean, Hatortxu Rock 20ren barne egingo dugun EKITALDI NAZIONALEAN parte hartzeko deia zabaltzen diogu alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori. Lakuntzan ozen oihukatuko dugu: NAHIKOA DA… ETXERA!!!

DISPERTSIOAREN AURKAKO EKITALDI NAZIONALA
LAKUNTZA
UZTAILAK 30, 13:00
NAHIKOA DA… ETXERA!!