2017-05-18

Kalera Kalera eta Hatortxu Rock, indarrak batuz denak etxeratzeko lanean

Etxerako bidea denon artean eraiki behar dugula diogu behin eta berriz. Eta bide horretan indar guztiak batu behar ditugula azpimarratu. Zentzu horretan hasi gara agente desberdinekin elkartzen eta gaur Kalera Kalera ekimenarekin bildu gara.

Etxeraten babesa jaso ostean, Kalera Kalera ekimenak ere Hatortxu Rock bultzatzeko konpromisoa hartu du. Bileran zehar Hatortxu Rock bezalako elkartasun jaialdi bat antolatu eta bultzatzeko beharrak konpartitu ditugu. Bide berriak ireki behar dira euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen etxeratzeko lanean eta zentzu horretan, Hatortxu Rock 20k jende asko erakarri nahi du auzolan honetara.

338 euskal preso politiko daude oraindik ere, gaur egun, espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, eta ezinbestekoa da gai hau errotik hartu eta gatazka armatuak eragindako ondorioak gainditzea.

Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragilerekin bilduko da Hatortxu Rock, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan benetako aurrera pauso bat izatea helburu duen Hatortxu 20ra ahalik eta ahots gehien batzeko asmoarekin.