2017-01-23

Denon artean, denak etxera! Eman izena txanda egiteko

Aurten Hatortxu Rockek erronka handia eta berezia dauka aurretik, uztailaren 27tik 30era edizio berezi bat antolatuko dugu-eta Lakuntzan. Zergatik? Alde batetik, 20 edizio betetzen ditugulako dispertsioaren kontra eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde borrokan. Asko. Gehiegi. Eta bestetik, Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berrian, benetako konponbide baten bidean, urratsak emateko unea dela ikusten dugulako. Erronka handia, bai, baina ezinbestekoa. Oraindik ere ia 350 euskal preso politiko daude espetxean, espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senideentzako suposatzen duen zigor erantsiarekin. Zer esanik ez gaixo dauden eta etxean behar luketen presoak: konponbide bat behar dugu. Honekin amaitzeko garaia heldu da, gure leloan diogun bezala “Txori askeen unea heldu da”.  Berriro esango dugu. Erronka handia, bai, baina ezinbestekoa.

Eta horretarako zuon beharra daukagu. Hatortxu 20 aurrera ateratzeko zuon guztion indarrak ezinbestekoak ditugu. Hatortxu Rock boluntario ugarik bere denbora eta indarrak emanez aurrera atera den eta handitzen doan elkartasun ekimen bat da. Baliabide gutxirekin baina herri honen altxor handiena den auzolanaren bitartez.

Urtero erakustaldi itzela ematen dute 600 boluntario inguruk Hatortxu Rock aurrera atera ahal izateko, baina aurtengoa askoz handiagoa da, eta zenbaki hori biderkatu egin beharra dugu. Guztion indarrak behar ditugu behingoz errepresaliatu politiko guztiak gure artean izateko, eta Hatortxu Rock 20 elkartasun jaialdiak mugarri bat izan behar du bide honetan.

Hau dela-eta, gaur Hatortxu Rockera batzera gonbidatu nahi zaituztegu, Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdi handienaren parte izan eta hau aurrera atera ahal izateko denok elkarrekin, eskuz-esku, lanera batzeko. Horretarako gure webgunean atal bat ireki dugu, esteka honetan aurkitu dezakezuna. Bertan izen-abizenak, helbide elektronikoa, herria eta zure burua zertan laguntzeko prest (sukaldea, barra, segurtasuna, antipanikoa, muntaia, garbiketa, desmuntaia,…) ikusten duzun jarri beharko duzu. Oharren atalean edozein iradokizun jar dezakezue. Beste aukera bat da lagunartean edo gertukoekin txanda egitera etortzea, hau da, norbaiten izenean hainbat lagun apuntatzea lanerako. Hau ere iradokizunen atalean jar dezakezue.

Erronka handia dugu aurretik, baina denon artean egin dezakeguna. Soilik denon indarrak batuz ekarriko ditugu denak etxera!

Batu Hatortxura! Denon artean, denak etxera!