Hatortxu Rock musika jaialdi bat baino askoz gehiago da. Elkartasuna motore duen ekimen anitza. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan eta guzti hauen senideei babesa adierazteko eguna. Aurten abenduaren 17an ospatuko da Hatortxu Rock, eta aurreko gauean (hilaren 16an) elkartasun herri-afari bat antolatzea erabaki dugu.
Larunbatekoa ohiko formatuan mantenduko bada, ostiralekoa zita intimoago bat izanen da. Herri afariaren atzetik kantaldia ere izanen da Tximeleta taldearen esku. Haiekin batera kolaborazio ugari igoko dira eszenatoki gainera. Dagoeneko euren parte-hartzea baieztatu dute Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Fran Uriasek, Siroka taldeko Maria Riverok eta Fermin Balentziak.
Ate irekiera 21:30ean izanen da, eta afaria 22:00etan hasiko da. Tiketak Karmen kaleko Herriko Tabernan aurki ditzakezue..
Elkartasuna mila modutan erakutsi daiteke. Hemen aurkezten dizuegu beste modu bat. Larunbateko parranda eta zaratatik aldendu, eta afari goxo, intimo eta solidarioan murgiltzeko aukera. Hautsi ditzagun burdinak, txori bihurtuta. Oraindik ere 350 euskal preso politiko baino gehiago daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta. Modu berean, ehunka dira deserrian etxera itzuli ezinik dauden iheslariak. “Zuen askatasuna behar dugu gauza zailak egiten jarraitzeko, zuen askatasuna behar dugu libre gaudenok libre izateko”. Horregatik denok izan behar gara txori, denok elkarrekin hautsiko ditugu burdinak.
Ehunka txorik osatzen dute Hatortxu Rock, eta preso bakar bat burdin artean dagoen bitartean zutik egongo da Hatortxu. Urtero azkena izango denaren desioaz egin dugu lan, eta urtero berritu ditugu indarrak dispertsioa eta deserriari aurre egiteko. Milaka txori izan behar gara eta guzti horiek gonbidatzen ditugu elkartasun afarian parte hartzera.
Hator hator neska-mutil afaltzera! Hator hator neska-mutil etxera!!!