2015-12-22

Adi! Sarrera faltsuak atzeman dira

Aurten marka guztiak hautsi dira sarrera salmentekin, eta inoiz baino lehenago agortu dira. Horregatik, beste behin eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi. Bestalde, barkamena eskatu nahi diogu sarrera gabe geratu den pertsona orori. Lanean jarraituko dugu hurrengoan berdina gerta ez dadin.

Baina oraingoan abisu larriago batekin gatoz. Sarrera faltsuak atzeman ditugu. Hatortxu Rock jaialdiaren antolakuntzaren eskuetara iritsi da sarrera faltsu hauetako bat.

Hatortxu Rockek jakinarazi nahi du, jaialdia handitzen joan den moduan, segurtasun sistema berriak erabili direla sarrerak egiteko eta hauen kontrola izateko. Begi bistan ez dauden hainbat kode dituzte sarrerek eta beraz ezinezkoa da sarrera faltsuekin filtroa igarotzea.

Honela, dei egin nahi diogu jendeari, ez ditzala sarrerak erosi. Hatortxu Rock jaialdiko sarrerak agortu egin dira, eta ez daude inon salgai. Norbaitek sarrerarik eskeiniko balizue, ez erosi, ez dira gureak, eta ez duzue sarrera faltsu horiekin sartzerik izango.

Hatortxu Rock guztion artean egiten dugu, eta guztion lan onari esker ateratzen da aurrera. Auzolana da elkartasun jaialdi honen oinarria eta, zentzu honetan, jendearen jokabide ona eskertuko dugu.

Mila esker guztioi aldez aurretik.

Hatortxu Rock